Izan da musika eskaintzaz gozatzeko aukera azken hileotan; tartean, Durangoko Udalak programa txukuna osatu du herriko beste eragile batzuekin elkarlanean. Bestalde, hainbesterako oihartzunik izan ez duen arren, Sorginolan antolatutako #EtxekoUzta zikloan gazte talde andanak parte hartu du, askorentzat entsegu lokaletik irten eta oholtzara igotzeko lehenengo aukera izan dena, agur esateko aprobetxatu dute beste batzuek. Aitzitik, hainbat eragile eszenari hauspoa ematen ahalegindu diren arren, euren egoera kezkagarriaz mintzatu zaizkigu kultur sortzaile eta teknikariak. Beude.
Uda sasoian izaten diren eta goranzko joeran zeuden makrojaialdi eta festibalen arrastorik ez da aurten: ez MTV, ez BBK Live ez eta enparaurik. Helburu bakarra mozkinak handitzea denean, segurtasuna bermatzea ez da bateragarria errentagarritasunarekin. Gogoratu dezagun erakunde publikoetatik diru laguntza milioidunak jaso izan dituztela azken urteotan. Arratoiak izaten omen dira lehenak ontzia abandonatzen, hondoratu aurretik.