Urtea hasi berria zen Xabier Amurizak bere lehenengo txapelketa nagusia irabazi zuenean. Aste berean Jimmy Carterrek Sobietar Batasunaren gaineko enbargoa aldarrikatu zuen; urtea amaitzerako Reaganek irabaziko zizkion hauteskundeak. Urte olinpikoa zen eta gerra hotzaren testuinguruan SESB eta AED izan ziren garaile Moskun.
Hainbat herrialdek oniritzia eman zioten Saharako Errepublikari, eta Eusko Legebiltzarra eratu zen Garaikoetxea lehendakari zela; Gasteiz izendatu zuten hiriburu. John Lennon hil zuen bere fan batek, eta urte horretan hilko ziren Bon Scott, Tito, Erich Fromm, Jean-Paul Sartre...
Gerra zikinaren hasieran, “Naparra” desagerrarazi zuen BVEek. Granada batek esku artean lehertuta hil zen Goio Olabarria Ispasterren, durangarra, Mataderokoa. “Nork ez du maite askatasuna?”, Hertzainak taldea entseatzen ibiliko zen Gasteizen, Eskorbuto sortu zenerako, Euskal Rock Erradikalaren lehen akordeak. Hautsi da anphora, Lau-Bost... kaseteak eskuz esku. Jarrairen I. Kongresua, kultur mugimenduaren beste loratze bat: irrati libreak, fanzineak... (Ikusi Durango 80, Unai Iturriaga & Bideografik).
Langabezia gorantz, heroinaren sarraskia, Donostiako Pub El Huerton lehergai batek eztanda egin zuen, ETAk gerra deklaratu zion narkotrafikoari. Martin Zabaleta Everest gailurrera igo zen, Ikurrina, ETAko anagrama eta Nuklearrik Ez! banderarekin. Lemoizko zentralaren kontra konjuratu zen Euskal Herria, itzalketa masiboak, Iberdueroren lokalen okupazioak... zentrala martxan jartzeko beharrezko uranioa iristear ei zegoen.