Bihar ensaio!

“Agurraren emozioa iraunarazi nahi genuke, adio erabatekorik sekula esan gabe” idatzi zuen Harkaitz Canok, agur esaten denetik alde egin arteko parentesi horretan bizitzea. Iruñean egin zuen alde iragan asteburuan herri honetako gazteon zati handi baten soinu bandetako batek, su artifizialik gabe, milaka ikusleren aurrean baina modu soil batean. “Eta bihar ensaio”, nola Kobetamendiko eszenatokitik hala zuzendu zitzaien ikusle gazteei Iruñetik. Lema bilakatu den esaldia, gure hizkuntzak entzule (hartzaile) aktiboak behar dituela, eta sortzeko.

Baina “sortzerako salto” hori entzule-hartzailearen erabaki indibidual eta espontaneoak beste baldintzatzen dute berau gauzatzeko bitarteko materialek; esan nahi dut, musika talde bat (edo aldizkari literario bat edo ikus-entzunezko proiektu bat...) sortzeko bulkada anulatu dezake berau garatzeko espaziorik ezak, ekonomikoki sustengatzeko gabeziek edo sortutako produktuaren zabalkunderako medio faltak. Eta merkatuaren logika nagusitzen da beste behin, baliabide gutxien dituztenak, kanon artistikoetatik ihes egiten dutenak eta batez ere gazteok jokoz kanpo utziz.

Logika baztertzaile horretatik aldentzeko ahalegin prekario bat dira Sorginola Gaztetxeko proiektuak, Berbaz aldizkariarekin hasi, eta duela gutxi martxan jarri diren antzerkirako 'Gela urdina' eta musika ensaio lokala, su artifizialik gabe, baina geroz eta gazte gehiagoren eskuekin forma hartzen joango direnak. Beste saiakera bat izango da abenduaren 5ean Durangoko Azokan burutuko den “Gazte Sortzaileak Plazara!” mahai-ingurua, Manex Egaña (Brigade Loco-ko bateria), Maite Mentxaka (hainbat proiekturen sortzailea), Joanes Illarregi (bertsolaria) eta Eider Perez batuko dituena. Eta bihar bilera, bihar laneguna, bihar ensaio!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!