Prozesu independentistaren aurkako sententzia ate joka dugu (baliteke zutabe hau argitaratu denerako eman izana) eta joan den astean Argia aldizkarian Jordi Cuixarti eginiko elkarrizketan seguru zioen 10 urte baino gehiagoko kartzela zigorra jasoko zutela. Abisua Euskal Herrira zeharka: helburu politiko batzuk ez dira zilegi.
Baina azken hilabeteotako impasse egoeraren hondoan egosten ibili da sententziari erantzun bat, tsunami demokratikoarena, zehaztasunez irudikatu ezin den arren, (des)obedientziaren filosofian sakonduz bazter guztiak bustiko dituena. Tsunami baten berezko indar suntsitzailearekin, Espainiar Erregimenarekin haustera doana, baina olatu eraikitzaile bat finean, orain arteko ariketa (des)obedienteen logikan, kolektibitate, epika eta baldintza berriak sortuko dituena.
Eta nola ez, tsunamia hona ere helduko da, jaiak bustiko ditu, kaleak astindu. Oraingoz abisua zabaldu da egunean bertan kontzentrazio zaratatsuak egiteko. Ikusiko da, tsunamia surfeatzeko bezain abilak garen, burua urpean sartu eta olatua pasatzen uztea ez delako aukera bat.