Mingainak ez zebiltzan gustura, beste zerbaitetara zebiltzan. Berak errimatu, esan zidan. Eta nik ulertu: arrimatu. Horregatik luzatu nion be(rt)soa, eta zinez diot ez nuela ulertu. (B)erotu ginen.
Harakinak arkumeen subsidioaren berri eman zuen, hauek euren buruaz beste egin baino lehen. Ardiek argia ikusi zutela garbi zioen titularrak.
Irudituei ere erudipen ona begitandu zitzaien leprak nahastearena, letrosoak pozik egurtu ziren, esker honeko hitzak agurtu zitzaizkielarik, ez dakit nora joateko. Urrutiko berriren batean hartu zutela ospatu zioen herria zabaldu zen Gerria egunkarian.
Egunkari berean, (g)astronomiara zuzenduriko atalak konstelazioen izenak zekartzan lehen orrian, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrenda egin zuen gizen bati elkarrizketa bigarrenean: ez omen zitzaizkion espezie denak zoologikoko ontzietan kabitu eta jan egin zituen.
Uda heldu zen, azkenez, eta hondartza nudistetan bero kolpeak biderkatu ziren, “erantsi erropak sartu aurretik” kartelaren eraginez.
Coca-Cola Portugalera heldu zen 20ko hamarkadan, eta Fernando Pessoari -beste berbagile bat publizitate lanetan- egokitu zitzaion honen kanpaina pentsatzearen ardura. Lema bat ondu zuen, Coca-Cola osatzen duten hizkien antzekotasuna (paronimia) imitatuz: “Primeiro estranha-se, depois entranha-se” edo “lehenengo kezkatu, gero freskatu”. Eta hain omen zen ona leloa, eta hainbeste bultzatzen ei zuen edatera, eta hain konbentzituta zeuden kokaina zeramala, ez baitzuten Krabelinen Iraultza hiru urtera arte baimendu.