Matematikari palestinarra

Autobusaren jesarleku errenkadak 11 x Autobusaren jesarleku zutabeak 4 (2 zutabe korridorearen ezkerrean eta beste 2 korridorearen eskuinean) - 20 leku hutsik = 24 pertsona doaz autobusean.

Matematikari palestinarrak, autobusean doala, ariketa matematikoa egin du, gerrako balantzea bailitzan:
15.000 etxebizitza eraitsi dituzte azken 14 urteotan (15.000 / 14 = 1.071 etxebizitza urtean), eta 4.500 daude eraisteko aginduarekin. 15.000 + 4.500 = 19.500 etxebizitza.

Jaffa Road kalean igo da autobusera, Estatu Batuek enbaxada jarri duten lekutik gertu, eta azkenengo ilaran eserita dago. Ariketarekin jarraitu du:

20.000 palestinar kanporatu zituzten indarrez Jerusalemdik 2013ko gerran, eta guztira 5,4 milioi errefuxiatu daude. 5.400.000 - 20.000 = 5,3 milioi errefuxiatu palestinar zeuden 2013 aurretik, kalkuluak beherantz borobilduz.

Geltokiz geltoki betetzen doa autobusa. Militarrak identifikatzen ditu eserlekuetan, autobus hau hartu ohi dute goizeko ordu hauetan. Irratia piztuta dago eta Eurovisionerako kanta errepikatzen dabiltza goiz osoan, Bullyingaren aurkako kanta omen dena. Kalkuluekin jarraitu du:

Gazako azken erasoen aurretik 1.002 ziren Israelek azken hamarkadan hildako haur palestinarrak, eta erasoen ostean 1.010, beraz 1.010 haur – 1.002 haur = 8 haur hil zituzten asteleheneko erasoetan.

Central-eko geltokian geratu da autobusa. Ezkerreko eskua poltsikoan sartu du, olibondo adar bat daukan poltsiko berean; bestea, bestean. Matematikari palestinarrak kalkuluekin jarraituko du, ekuazioak soluzio matematikorik ez duela jakin badakien arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!