Leku hutsa

Persiako erregearen mespretxurako, antzina greziarrek bazuten hiriaren erdian, tenplu eta tronuen ordez, “leku huts” bat. Plaza edo leku huts horretan batzen ziren hiritarrak -emakume eta esklabuak ezik, gainontzekoak- hiritarren gauzen gainean erabakitzeko, euren “gainetik” izarrak bakarrik zeudelarik. Hor, leku huts horretan hasten omen da demokrazia. Leku huts hori parlamentuarekin alderatu daiteke gaur egun.

Ciro persiarren erregeak ez zuen leku hutsarena ulertzen, eta barre egiten zien greziarrei. Azken hauek bi gerra irabaziko zizkioten gero.

Baina leku hutsa ez zegoen horren hutsik, plaza berean antolatzen baitzuten hiritarrek -emakume, esklabu eta pobreek izan ezik, gainontzekoek- merkatua.  

Eta merkatua hazten joan zen, eta merkatariek lekua jan zioten leku hutsari, hots, demokraziari, eta, ondorioz Arkimedesena, nola gorputz berri bat bertan sartzen denean lehendik han zegoena ateratzen den, leku hutsean ez zaigu hutsik geratzen, eta galdetzen dugu: nork agintzen du hemen? Nork? Eta ez dakigu erabakiak parlamentuetan edo multizanionalen bulegoetan hartzen diren, etab. Etab.

Katalunia den plaza horretan, borrokak hor dirau oraindik: leku hutsera hurbildu diren herritarrek erabaki dute zer egin, dagoeneko hiru bider gutxienez. Merkatari aberatsek ez dute euren merkatua desmuntatu nahi, eta ihes egingo dutela mehatxatzen dabiltzan arren ez dute horren erraz lekua hustuko. Persiako erregeak ez bezala, leku hutsari beldurra diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!