Paseatzailea

Madalenako autobus geltokiko bankuan lekua harturik, bada lagun bat, etorbide luzeetan barna eginiko joan-etorrien ostean deskantsu hartzen. Baina deskantsu hartzea esateko modu bat bakarrik da, bere begiradak (eta imajinatu daiteke bere pentsamenduak ere) joan-etorrian segitzen duelako.

Kalerik kale ibili da, helbururik gabe, bideek erakutsi gorabehera eta inpresioei arreta jarriz. Hiriko kalezulo amaigabeetan noraezean dabilen kuriosoa da paseatzailea, hiriaren behatzaile, ikerlari eta detektibe (Benjamin). Hiriak baitira paseatzailearen paisaiak, eta paseatzaile guztiak bezala, zerbaiten bila atera baita etxetik, delako zerbait hori zer izan litekeen ondo jakin gabe gainera.

Gizasaldoa da bere elementua, nola airea den txoriena eta ura arrainena, eta honi begira igarotzen ditu etorbideak eta orduak. Baina badu diferentziarik kuxkuxero edo begiluzeekin, ez baita helburu horrekin ibiltzen.

Madalenan geratu berri den autobusean jarri du orain arreta, jaistear den jendetzari erreparatzeko. Sonbreiru eta betaurrekodunez bete da geltokia, bakoitza bere maletari tiraka. Batzuk alboko autobus batera igo dira urrunago joateko helburuz, gainontzekoek presaka ihes egin dute.

Eta asteko zutabea idazteko, deskantsuan dagoen paseatzaileari begira nagoen honi, otu zait turistaren antitesia dela paseatzailea, urruneko (baina euren artean oso antzekoak diren) helmugetara joaten ibili ordez, norbere lekuko dinamikaren xehetasunekin entretenitzen dena, egunero baitago arreta deituko dion nobedaderik atzo iragan zuen karrika berean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!