Erabakitzeko obligazioa

Indiferentzia gaitz larria izatera iritsi daiteke, medikuek ohartarazi dutenez, gizartearen izatea bera arriskuan jartzeraino. Ez ei da diagnostikatzen zaila, sintomak dira: apatia, indibidualismoa, koldarkeria, idorreria… Indiferentziak metastasiak sortzen dituela uste dute, palma olioak beste ia.

Indiferentzia da erabaki kolektiboetan parte ez hartzeko joera, A ala B, gaur onartu behar dugu maitia bi aukera baizik ez dira, hautatzeko erantzukizun eza. Kasu larriak diagnostikatu dira azken urtean, Euskal Estatua Bai/Ez galdeginda iritzirik ez zuten pazienteak adibidez.

Indiferenteek, nahiz eta pasiboki egin, indarrez eragiten dute historian. Zailak dira kontuan hartzen, asmorik landuenak ere izorra ditzakete. Gizartea aldatzeko asmoz sortutako ekintza baten arrakasta (edo porrota) ez dago hainbeste beronen sortzaileen ahaleginean (edo kontrakoen erreakzioan), baizik gainontzeko guztien indiferentzian.

Horregatik zien, hainbaten,  indiferenteei gorrotoa italiar partisanoak: “Indiferentzia da historiaren pisu hila. Berritzailearentzako berunezko bola, karrik distiratsuenak hondoratzen diren materia bizigabea, hiri zaharra inguratu eta harresirik sendoenak baino hobeto defendatzen duen urmaela”.

Oraindik argitu ez duten arren, lehen hipotesien arabera telefono antena eta sare elektrikoen uhin elektromagnetikoek eragina izan dezakete gaitzaren sorreran, baita Marca gehiegi irakurtzeak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!