Gazte egune

Ehunka gazte, beste hainbeste aulki, eta mahai pilo bat ilaran. Musika, lapiko handi bat eta heldu berri den gazte bat, galduta bezala, Landakotik datorrena, aurten txosnak Pinondon daudela oraindik enteratu barik, antza. Kolore bereko kamiseta jantzirik daramate denek, eta mahaira bazkaltzera jarri aurretik, falta diren plater, edalontzi eta zapiak bananduko dituzte mahairik mahai.

Baina, kamiseten koloreaz gainera, durangar eta gazte izateak ere batzen ditu Pinondora joan direnak, Durangon gazte izateak esan nahi duenarekin: ia ezinezkoa izatea enplegua edukitzea, eta hau baldintza duinetan egitea (are gehiago gaur egungo egoeran). Esan nahi du aisialdirako aukerak (musika entseatzeko adibidez) eskuragarri ez izatea; esan nahi du etxebizitza eskubide gisa ukatua izatea; esan nahi du udal gobernuaren arduretatik azkena izatea (nahiz eta programa ponposo asko iragarri hori ezkutatzeko).

Bazkalaurrean kamisetak banandu dituzte lau lagunek, eta Landakotik iritsi berria denak ere, aldean zeraman bihozdun kamiseta grisaren ordez jantzi du besteen berdina. Hala, hark ere bat egin du Durangoko gazte uholdearekin, durangarra eta gaztea delako, eta gainontzekoen problematika konpartitzen duelako. Jaietan, behintzat, ez du besteek jarritako erritmora dantza egingo, inoren probetxura kontsumituko.

Urtero lez, Gazte Egune ospatuko dugu urriaren 15ean, Durangon, jaietan gure nahi eta beharrak asetzeko, gazteok gazteontzat antolatutako eguna. Eta zergatik, jaiez landa,  horrelako alternatibak beste arlo guztietara ez zabaldu?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!