Zapi bat

Erabiltzailearen aurpegia Marta Calvo Larralde

Askotan entzun dizkiot lagun musulman bati zapi bat eramatearen erabakiak ekarri dizkion komeriak.

Erabakia hartu aurretik barne borroka bat zuen. Bi talde sentitzen zituen sokatiran, eta bata edo bestea aukeratu beharrean ikusten zuen bere burua.

Hain agerikoa egin zitzaidan bere sufrimendua, ez niola iritzirik eman, zama arinduko nuelakoan. Orduan, isiltasunak lagunduta, mamu batzuek bisitatu ninduten.

Tontakeria bat irudituko zaizue, baina zapi batek ekar zitzakeen aldaketa beldurgarriak etorri zitzaizkidan burura: painelua jarriz gero, pertsona bera izango ote da? Betiko umorea izango du? Konturatu gabe, hijabari nortasuna aldatzeko gaitasuna eman nion, superboterea.

Duela egun batzuk, mamu horien bisitaz hitz egin nion nire lagunari, eta, mesedez, testu hau irakurtzeko eskaria egin nion.

Zorrotz eta maitekor ekarpen batzuk egin zizkidan. Izan ere, bere erabakiaren gaineko milaka azalpen eskatu dizkiote eta oso nekatuta dago. Bere sufrimenduaren jatorria besteok izan ditzakegun jarrera baztertzaileetan dagoela esan eta oihal zati bat baino gehiago dela azpimarratu zuen, ezaugarri desberdinak dituen pertsona konplexua. Horiez gain, aldatzeko eskubidea duela esan zidan.

Etxeko lanak utzi zizkidan, nire inkontzientea aztertzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!