Txin txin

Erabiltzailearen aurpegia Marta Calvo Larralde 2026ko ekainaren 5a

Diruaz hitz egitea txarto ikusita dago. Bada horrelako tabu bat gurean. Batzuek usteltzen duela diote. Besteek, poztasuna ematen duela.

Esaerez aparte, maila ekonomikoaren eta osasun mentalaren arteko harremana zuzena dela adierazten dute ikerketek. Hau da, diruak osasun mentala eman eta kendu dezakeela.

Datuen arabera, pobreziak osasun mentala gaiztotzen du, eta gaixotasun mentalek prekaritatera edota bazterketara bideratzen dute.

Pobre guztiak ez dira gaixoak, noski, eta gaixo guztiak ez dira pobreak. Baina harreman estu bat dago, elkarri eragiten diote. Batak bestea erakartzen du.

Desberdintasun sozial eta ekonomikoen arrakala handitzen doan honetan, gure gizartea gaixoak ekoizten dabilela esan dezakegu.

Baieztapen gordinegia da agian, baina bota beharrekoa. Izan ere, joera hori eraldatzeko aukera dago, ez da patu bat.

Osasun mentaleko estrategiak diseinatzerakoan ezinbesteko lan lerroa litzateke pazienteen eta hiritarren diru-sarrerak eta bizi-baldintzak kontuan hartzea, ezta? Zoramena litzateke horiek hobetzen saiatzea?

Errezeta moduan etxebizitza epel bat, sendagai moduan soldata duina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!