Urrezko kaiola

Erabiltzailearen aurpegia Marta Calvo Larralde 2026ko martxoaren 13a

Beste bizitza batean aberatsa izan nintzen. Luxuzko etxe batean bizi nintzen. Atea zabaltzen zidan atezainak nire izena zekien eta egunero-egunero agurtzen ninduen, egun ona izan! Eraikinak gimnasioa zuen eta kirola egin nahi nuenean hara joaten nintzen. Aisialdirako espazioak zituen eta lagunekin arratsaldea ematen nuen bertan. Igerilekurik ez nuen eta eguzkia hartu nahi izanez gero hotelera joan behar nuen.

Ederto bizi nintzela pentsatuko duzue, baina urrezko kaiola batean bizi nintzen. Iluntzean ez nuen aukerarik kalera bakarrik ateratzeko, beldurrezko mila istorio kontatzen zizkidaten mehatxu modura. Irtenez gero, zerbait gertatuz gero, akabo, nire errua zatekeen. Bakarrik ateratzea ere! Egunez bai, baina korrika egiteko prest, zapatila erosoekin.

Bizitza hura atzean utzi nuen. Paisaia berdeak arnasteko aukera berreskuratu nuen, kalean bakarrik, lasai eta astiro ibiltzeko ohitura zaharra, hori bai urrea.

Poztasunak gutxi iraun zidan, baina; inguruan urrezko kaiolatxoak eraikitzen hasi ziren, igerileku, gimnasio, jolas-gela eta hesiekin batera.

Luxuzko etxe eta bizimodu guztiek dute horma bat, hesi bat. Babestu beharrekoa barruan egoten dela sinetsarazten digute, baina ez dago askatasun kaiolarik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!