Imajina dezagun emakume nagusi bat, zuen amama izan daitekeena, Maite jarriko diogu izena. Maitek seme-alabak hazi zituen, baita ilobak ere, baina bere garaian gutxi kotizatu zuen, neskame aritu zelako gehienbat; kontraturik gabe, noski. Senarra hil zenetik, alargun izateagatiko pentsio bat jasotzen du. Maite asko ezagutuko dituzue.
Heldu da momentua eta orain zaindua izan behar du, baina lagunduko duen pertsona bat kontratatzea garestia da alargun pentsioa duen emakume batentzako.
Gizarte Zerbitzuetara jo, tramite guztiak egin eta ebaluaketa egitera doazenean galdera batzuk egingo dizkiote, hala nola ipurdia bakarrik garbitzeko gai zara? Kaletik zoazenean galdu egiten zara? Erantzuna ezezkoa izanez gero, autonomoa dela esango diote, ez duela laguntza eskatzeko eskubiderik.
Autonomiatik menpekotasunera doan bideak neurri zehatza dauka, 25 puntu.
Orduan, zer? Familiaren diruaren arabera. Gutxi badute, seme-alabak egingo dira kargu, ziurrenik alabak. Hobeto badabiltza, beste pertsona bati eskatuko diote lan hori; ziurrenik, kontraturik gabeko emakume etorkin bati, Fatimari adibidez. Fatimak ez du kotizatuko eta gurpilak biraka jarraituko du.