Sexu eskubideak edo

Erabiltzailearen aurpegia Marta Calvo Larralde 2025eko azaroaren 7a

Ginekologoaren kontsultara pozik doan emakumerik ez dut ezagutzen. Hankak zabaltzearekin batera datozelako galdera, aurreiritzi eta epaiak.

Lagun batek kontatu zidanez, bikote egonkorrarekin kondoia uzteko asmoa zuenean, beste antisorgailu batzuen gainean galdetzera joan zen, baita sexu bidezko infekzioak detektatzeko probak egin ziezazkioten eskatzera ere. Erantzuna? “Neska! Konfiantza izan!”

Beste lagun bati probak ukatu zizkioten, lesbiana izanik, bere kasuan, beharrezkoak ez zirelako.

Hirugarrenari Giza Papilomaren Birusaren proba positibo atera zitzaionean Giza Immunoeskasiaren Birusaren proba egiteko eskaria egin zuen. Erantzuna? “Prostituta ez bazara, Tinder zoro baten antzera erabiltzen ez baduzu edota Chemsex-a praktikatzen ez bazabiltza, arrisku baxua duzu”.

Indarkeriaz betetako erantzuna. “A ze fauna gurea!” edo horrelako zerbait pentsatuko zuen. Egia esan, niri bost zer pentsatzen zuen. Kondoia erabili behar dela? Noski, baina probak normalizatu behar direla ere bai.

Asko dira berandu detektatzen ari diren infekzio eta birusak; beraz, mesedez eta faborez, ukatu, epaitu edota lotsarazi beharrean, eskertu, zoriondu eta txalotu ditzagun proba eske doazen heroi anonimoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!