Nire etxean sartzen ari zaretela sentitzen dut, arraroa da. Pijaman topatuko nauzue ziurrenik, arropa zaharrak erabiltzen ditut lotarako. Ez dezazuen sorpresarik eraman.
Etxera bazatozte kafe bero bat hartzera gonbidatuko zaituztet, bidezko merkataritzakoa, ongi etorriak zaretela esan eta gustura zaudetenean, atea itxi eta manifestu bat sinatzera behartuko zaituztet.
Lasai, ez naiz oso manifestu zalea. Bainak gustatzen zaizkit, jatekoak eta esatekoak.
Zutabe bat idaztea gauzak esateko aukera bat bada, baina beldurrak mingaina jango didan beldur nabil. Beraz, gauzak esateko esfortzua egingo dut eta azalean ez gelditzeko saiakera egin ere.
Gizarte bazterketaz arituko naiz, lehenengo pertsonan, singularrean eta pluralean. Gure gizarte baztertzaileaz arituko naiz.
Gauzak ez direlako horrelakoak. Gauzak horrela egiten ditugulako dira diren modukoak.
Miseriak biluzarazteak lotsak eta haserreak ekarri ditzake baina, elkarbanatuz gero, eramangarriagoak izaten dira. Agian, haietaz, gutaz, barre egitea lortuko dugu eta, zergatik ez, zerbait aldatzea lortu ere.