Fosforo zuria begietan, misil bat sabelean, Gazako jendea gosearen ilaretan akatzen ikustean. Deshumanizazioa bonba atomikoaren pare barreiatzen ari da, eta kanal guztietan mezu kontundente bera transmititzen dute, urrutitik agindutako drone bizkor batek ekarria: ez da posible beste mundu bat.
Gerra pornografikoa denon etxeetaraino sartu da. Kriminal ezagunak protagonista dira pantailan eta, bai, pelikula hau ikusia daukagu, amamak esaten zuen lez.
‘Liluraren kontra’ saiakera premonitorioan, Martin Arbeok dio gerra erregimenaren testuinguruan pesimismoaren lilurari aurre egitea dagokiola mundua ezkerretik eraldatu nahi duenari, hau da, nolabait esperantzari eutsi behar zaiola. Eta, hain zuzen, esango nuke gerraren liderrek horixe bera ere lapurtu nahi digutela, desesperantzara kondenatuta bizi gaitezen. Egunotan zaila da berba baikorrik idaztea; era berean, benetan gaitza da ideiak ondo artikulatzea, arrazoimenak lekua galdu duenean. Barrenetik, telebistari harrika egiteko gogoa baino ez.
Komunitatean bilatu beharko dugu elkar zaintzeko eta munduan gauzak hobetzeko esperantza.