Barikuan laneko zurrunbiloaren itolarritik irten eta zapatuan arnasa sakon hartu eta gero, ostera ere astelehenera jauzi egiteko tranpolinean kokatu zara. Gure destinu petrala: denbora merke-zurrean saltzen ibili beharra, zer eta bitarteko astia lanerako beldurrez igarotzeko.
Gata Cattanak poema batean eman zigun abisu, denbora dela jaiotzerakoan eskuratzen dugun bonus bakarra. Egia esan, gure bizimoduak Momoren ipuinaren antza hartu duela esango nuke, tenpus hori lapurtu nahi diguten gizon grisak atzetik ditugularik. Baina, ez dakit gu geu astiaren benetako balioaz jakitun ote garen. ‘Denbora librea’ deitzen diogu lanetik kanpokoari, norbaitek baimendu eta entregatuko baligu legez. Izan ere, horixe da antzezpen hau gidatzen dutenen garaipen handienetako bat, gure denboraren jabe ez garela sinestaraztea.
Domekak berreskuratu behar ditugu.