Mikel Sopelanaren vespa

1969ko Aberri Egunaren bezperan, soldaduskatik ospa egin zuen Mikel Sopelana gazte iurretarrak. Inor konturatu barik eskapatu zen Burgoseko kuarteletik, eta kanpoaldean konpintxeren batek lagatako motorra zuen zain. Arrankatu, begirada aurrera bota eta oineztua bezain bizkor etxerako bidea hartu zuen Mikelek. Askatasun haizeak lagundurik zihoan, aurpegian bere ohiko irribarre handia zuela. Lasterrera herrian agertu zen, ospakizunetarako eta borrokarako prest. Eskapada hori gogor ordainarazi zioten gero, egun batzuetarako atxilotu egin baitzuten. Baina, esango nuke Mikel ez zela damutu. Ederto disfrutatu zuen Aberri Egunaz.

Gerora, Mikelek makina bat biaje errebelde egin zuen bere vesparekin. Kofradien asanbladetara joango zen, Gregorio Gorroño, Adolfo Abasolo eta abarrekin egoteko; Julen Kaltzada ikastolen batzarretara lagundu zuen; Rosa Mari Artza Herri Gaztediko topaketetara eraman zuen… Herrigintzako kideak bakarrik ez, lagunak eta Gaztañetzako nobia ere jesarri ei ziren vesparen atzeko partean, gidariari ondo helduta. Bizia zen Mikel.

Urtebete da, iazko Aberri Egunerako gutxi falta zela, Mikel Sopelana Basauri joan zitzaigunetik. Oraindik ere gatx egiten da sinestea, bere hutsunea hain baita handia. Orain ere biajean imajinatzen dut, irribarretsu, askatasun haizeak lagundurik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!