Aterik zabaltzen ez duten giltzak

Zenbaterako izango den ziurtasun faltarekin, eta bueltan topatuko dutena zer den ondo jakin barik, Gazan bizi diren palestinarrak etxera bueltatzen hasi dira egunotan, su-etenaren iragarpenaren ostean.

Ihesean atera zirenean presaka hartutako gauzak eramango dituzte poltsa edo maletetan, eta etxeko giltzak poltsikoan. Akaso, bizilekura ailegatzean, zenbaitek euren etxea zutunik ikusteko zoria izango dute, sukaldean sartu eta paretan eskegitako egutegiak 2023ko urria markatzen duelarik; baina, hona heldu zaizkigun irudiei erreparatuta, destinu horrek zaila dirudi gazatar asko eta askorentzat. Giltzak eskuan harturik, bonbek eragindako hondakinen artera begiratu eta etxeko aterik ez, hormarik ez, sabairik ez, oherik ez, familian ateratako argazkirik ez, ingurukoekin tea eta kafea hartzeko kikararik ez, umeek ametsak koloreztatzeko koadernorik ez. Horren ordez, hutsune handi bat besterik ez, sionisten genozidioaren erruz galduriko senide eta lagunen absentzia. Duela urte batzuk ANBOTOrako izandako solasaldian, Anis Hawari erbesteratu palestinarrak kontatu zidan 1948ko Nakba edo ihesaldian bere familiak ere ospa egin behar izan zuela Palestinako Haifa hiritik, israeldarren okupazioaren eraginez. Eta, oraindik ere, zazpi hamarkada geroago, euren etxeko giltzak kontserbatzen dituztela, eraikina hondaturik dagoela jakin arren. Aterik zabaltzen ez duten giltzak dira; agian, etorkizunean errealitate hobe bat irekitzeko esperantzarekin gordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!