Kalean poltsa ostu diotenari elkartasuna erakutsiko diozu, eta kapaza zara lapurraren atzetik arineketan joateko. Baina dendatik irtetean, kanpoan euria zarra-zarra ikusi eta aterkia nonbaiten ahaztu duzula konturatzen bazara, elkartasuna zaborrontzira botako duzu. Atzean inor badagoen ikusi, lelo plantak egin, eta beste pertsona baten guardasola hartuko duzu di-da batean. Guardasol politena, bide batez. Edo, agian, zeuri ostu dizute euritakoa, eta mendeku lez beste bati lapurtzera zoaz. Horrela, kate deliktibo luze bat sortuko duzu, estafa piramidalen parekoa. Azkenean norbait kaltetua izango da eta zure erruagatik pneumonia bat harrapatuko du. Allakuidaos. Pikutara kode zibikoak. Badago aterki-lapurren isilpeko kode bat, sekretu bat, delitua zuritzen duena. Niri behin liburutegian –liburutegian, bai, benetan nabil– lapurtu zidaten aterkia, eta etxera bidean urakan batek harrapatu ninduen. Ez du barkamenik. Madarikatua zu, lapur kupidagabe halakoa. Domekan dotore jantzi eta mezara joango zara gainera. Telebista piztu dut eta, munduaren prebisioa ikusita, guardasola beharko dugu bai. Euriak aterkipean edo izarapean harrapa zaitzala.