Jon Irazabali

Kaixo, Jon. Aurrekoan bidali nizun mezua erantzun barik laga zenuenez, gogoratzearren: Dragones batailoiko L.Z., Elorrio inguruko frentean eroria, badakizu nor izan zitekeen? Zauden lekuan zaudela, suposatzen dut paper artean galduta ibiliko zarela, pertsonaje, efemeride edo argazki historikoren baten peskizan.

Pentsatzen dut gaur ere egunkariak errepasatuko zenituela, Durangerria zelan dabilen jakiteko. Imajinatzen dut horko artxiboaren ardura eman dizutela, eta armairu artean pasatzen dituzula orduak. Hemen, joan zirenen istorioak jasotzen trebea zinen; agian, zure leku berrian, gure artetik helduko direnak aztertzen hasi zara, gure datuekin etorkizunerako fitxajeak egiten. Seguru notizia bitxiak idazten zabiltzala, Zerupe edo antzerako tituluren bat duen aldizkariren batean; dagoeneko mareatuko zenituen lankide berriak. Akaso, zure bizilagunen artean galdezka ibili zara, hemen zabaldu zenituen ikerketa ugarien inguruan datu gehiago batzeko asmoz. Zeozertaz enteratzen bazara, abisatu seinaleren bategaz, mesedez.

Zuk urte luzetan eginiko lan guztiari eskerrak, askoz gehiago dakigu herri honen historiaz eta kulturaz. Jakin-mina zuten kazetari, historialari eta herritarrentzat, informazio iturri amaigabea izan zara. Orain, iluntzean, ardo zuri bat hartzen egongo zara historiaren tabernan, telefonotik gertu dagoen izkinan jarrita, zerbitzariarekin kontu kontari. Eta, guk, telefono interdimentsional bat instalatu beharko dugu kiputxenean, zalantzaren bat dugunean zeuri deitu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!