Antza denez, hegazkinetik eskuorriak jaurti zizkieten gerraren amaieraz abisatzeko; hala ere, amerikarren amarru bat zela begitandu zitzaien Futamata komandoko gerrilariei eta ez zuten ezpata lurrera bota. Gerora, ejerzito japoniarreko delegazioak hainbatetan joan ei ziren Lubangera, baina etsaiak zirelakoan ihes egiten zuten Onodak eta lagunek. 1950ean euretako bat errenditu egin zen, eta beste biak hil egin ziren geroago, poliziarekin eta arrantzaleekin izandako borroketan. Onodak gudan segitu zuen, oihanean barrena bizirauten, harik eta 1974an bere nagusi baten aurrean katana entregatu zuen arte.
Onodaren istorioaren berri izan, eta pentsatu dut gutako askok ere ez ote dugun Hiroo txiki bat barrenean. Zenbat luzatu ditugun gure bataila pertsonalak, sua eteteko abisuei kasurik egin barik! Emozioak nahastu ditugu molotov kokteletan, zubi berriak dinamitatu ditugu eta kamikazeak bagina lez immolatu gara. Banzai!
Bandera zuria altxatu eta norbere buruari amore emateko garai aparta izango da uda. Arigato, lagunok.