Astxikiko arranoa

Mendiola aldean ibili gara azken hileotan, bertan egoniko auzo eskolaren historia jasotzen, bihar aurkeztuko den dokumentala sortzeko. Gustura entzun ditugu auzokideen kantuak eta kontuak. Komunitate baten izaera ezagutu, eta denboran irauten duen zentzu kolektiboa igarri dugu. Barre egin dugu, hunkitu gara, gozatu dugu tratuarekin. Deskantsu orduetan, takean-takean ingurune ederra kontenplatzeko aukera izan dugu: belardiak, ardiak, errekatxoa, baserriak, hegaztiak, Anboto, Alluitz, Astxiki eta Untzillatx –edo Mendiolatxa, auzokoen arabera– parez pare. Arnasa. Atxei begira, lainoen joan-etorrian, arrazionala ez den konexio bat sentitu dut.

Astxikiko gazteluaren erreprodukzioa ikusi nuen aurrekoan Anbotoren webgunean. Nafarroako erresumaren babesleku izana, bagenekiena irudiz jantzi du proiektu horrek, baina zelako balioa duen geure begiekin ikusi ahal izateak. Baginen eta bagara. Geroztik ez diot berdin begiratzen Astxiki mendiari.

Eta, Astxiki eta Alluitzen arteko magalean, Artolako lepoan, indusketak egiten ibili dira Burdin Aroan herri harresiturik egon ote zen aztertzeko. Gure historiara lotzen gaituzten aztarna gehiago.

Gaur, kaletik nabilela, etxe altuen arteko hutsunetik Astxikiko mendi punta agertu da; beti hor, gure zaindari izango balitz bezala. Une batez geratu, lasai erreparatu, eta han goian arrano bat hegan dabilela iruditu zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!