Zer egin dau atletijek?

“Zer ein dau atletijek?” galdetzen zuen domeketan amamak. Futbola gustuko ez izan arren, emaitzagatik interesa agertzen zuen, eta esango nuke kiroletik aparteko beste motibazio bat zegoela galdera haren atzean. Euskal Herriko sukalde eta egongela askotan antzekoak entzungo ziren, seguru. Herritik sortu zen Athletic, geuria, Euskal Herriaren erakusgarri izateko.

 

Zapatuko euforian, hunkitu egin nintzen Sevillan zeuden lagunengan pentsatzean. Zenbat akordu, senide eta lagunen ondoan jesarrita bizitakoak, memorian metatuta. Kirolak badu alde sozial bat eta, hemen, Euskal Herrian, nazio ikuspegiarekin ere lotzen dugu sarritan: euskal selekzioaren faltan harrobiaren filosofiari eusten zaio; errepideak ikurrinez betetzen dira, munduaren aurrean lurralde bat irudikatzeko; pilota eta herri kirolak bultzatzen ditugu, nortasun propio baten autoafirmazioaren beharra dugulako. Normaltasun faltsu batean bizi gara, baina ez ahaztu menperaturiko herria dela gurea.

Bueno, bai, egunotan gogaituta dagoen jendea ere ulertzen dut. Futbolaren industria kapitalismo basatiaren parte da, eta hedabideetan hartzen duen dimentsioa gehiegizkoa da. Munduan gauza asko dugu aldatzeko, noski.

Baliteke futbola ez izatea Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera zuten sasoiko gauza bera. Hala ere, zeinen ederra den jendearen barru-barrutik datorren poz kolektiboa. Eta, sinistu gura dut, Iribarrek zapatuan isuri zituen malkoen isladan herri bat ikusten dela oraindik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!