Mundua ere gero eta gutxiago ulertzen dut. Larrazkena joan zen, eta orain neguberrian edo batek daki non gauden. Arbolak, landareak, loreak eroturik. Animaliak ere aztoraturik sentitu ditut azkenaldian; pentsa, egun gutxiren barruan, txakur bik eta zaldi batek setiatu egin naute kalean.
Erantzunen peskizan ibili naiz: lagunarekin autoan berbetan, etxean liburuen artean, abesti berrien atzean. Pepe Mujicari irakurri diot ez dakiela bizitzak zentzurik baduen ala ez, baina artearekin, zientziarekin edo politikarekin ematen ez badiogu, merkatuak emango diola zentzua. Baita, zoriontsu izateko afektua behar dugula, eta afektua izateko denbora. Gero, irratian, “eres tanto que no cabes, y no quiero que se acabe”, entzun diet René eta Silvia Pérez Cruzi. Esango nuke ez naizela ni galderak egiten dabilen zalantzati bakarra.
Arkatza eskuan hartu eta eskumarantz idazten hasi naiz.