Pabloren orri zuria

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2023ko urr. 6a, 08:26

Orri zuriaren sindromeari aurre egitea ez da gauza erraza izaten. Nondik hasi jakiteko ezintasunean, zuriunea putzu infinito bihur daiteke. Blokeatzen naizenetan, mahaitik altxa eta pasiada bat ematen dut kaletik, mugimenduak burua astintzen laguntzen dit eta. Bat-batean letrak agertzen hasten dira espaloian, belarretan, zeruan. Ideiari heldu eta atzera ere idaztera.

Sindrome hori sufritzen duenak, ordea, normalean aukera bat ere izaten du mahai gainean: bere idazlana argitaratzeko bidea edo esperantza. Egoera okerragoa da, idatzi nahi eta uzten ez diotenarena. Horixe da, adibidez, Pablo González kazetariaren kasua; Poloniako kartzela batean hemeretzi hilabetez giltzapeturik, lau hormen artean, munduari begiratu eta ikusitakoa kontatzeko modurik barik. Espioitza delitua egozten diote, baina argudio sendorik aurkeztu gabe. Hain zuzen, filtratu diren motiboak barregarriak dira: Pavel izena ere erabiltzea -Errusian jaio zen eta hori du jatorrizko izena-, eta Gara egunkariarentzat lan egitea, besteak beste. Zoritxarrez, Euskal Herrian badakigu zer den oinarri surrealisten gainean justizia eraikitzea, badakigu zer den kazetariak eta egunkariak preso egotea.

Hemen, mendebaldean, zorion hipotekatuaren lurraldean, munduari gainetik begiratzera ohitu garela iruditzen zait. Horregatik, bestelako errealitateak eta gatazkak kontatzen dituzten kazetarien beharra dugu. Pabloren orria letraz betetzen ikusteko beharra dugu.

Pablo González askatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!