Animaliek, desabantaila orekatzeko, beste zentzumen batzuk indartzen dituzte. Baina, nire kasuan ez. Entzun ere gutxi egiten dut. Lehengoan, kontzertu batean, ezagun bati aitortu nion ez nuela eskumako belarritik ondo entzuten, eta hara! Berak ere ez, ezkerrekotik. Solasaldi surrealista izan genuen. E? O!, A! E, e? O, a! Hori gutxi ez, eta hanka bat bestea baino luzeagoa daukat. Ondorioz, okertuta ibili izan naiz kaletik, zatar, narras, pauso anarkikoz. Eskerrak plantillak ipini dizkidaten; kalean norbait airoso ikusten baduzue ez da Billy Elliot, neu naiz, orain haizea lez nabil. Beste zenbait atalek ere ez dute beti nahi bezala funtzionatu, baina, aizue, hor ere hobetzen. Erremediorik ez duena despistatua izatearena da. Zer egingo diogu ba! Bizitza aspergarria, perfektuak direla uste duten horiena.
Umorea da Hitzez eta Ahotsez jaialdiko aurtengo gaia, eta Ane Labakak barikuan azaldu zuen transgresiorako zein borrokarako espazio izan daitekeela. Pareko harremanetik, eta gutaz barre egiten hasita. Gainera, beranduegi da merkadilloan erreklamazio orriak eskatzeko.