Casa Paco

Goizaldeko seiak izango ziren. Argi suabe eta horixka, jazz musika urrunetik bezala, narruzko sofak, beix koloreko lanparatxoak izkinetan, kafe usaina airean. Barra luzean kamioilari pare bat atseden hartzen eta tripa betetzen, inguruko bizilagunen bat notiziak irakurriz eguna hasten, eta ni ahal zen ondoen amaitzen.

Pacori galdetu nion ea zer zuten gosaltzeko, eta sukaldetik atoan erantzun zidan Marijek. Badakizu, Markel, nahi duzuna, solomoa, txorizoa, patatak, arrautzak, tortilla, hirugiharra. Izan zitekeen Twin Peaks edo Fargo telesailetan agertzen diren taberna amerikar setentero horietako bat, baina Casa Paco zen, Iurretan, errepide bazterrean. 2003an geundela uste dut. Jatekoari itxaroten nengoela, halako batean Paco hurreratu zitzaidan, diskrezioz, esateko poema batzuk idatzita zituela eta ea irakurriko nituen. Poemak? Ene ba. Beno, bai, ekarri. Bere koadernotxoan, Irakeko bonbek gauez sortzen zuten argiari buruz idatzia zuen olerki bat. Ikasketaz filosofoa, mundua konpontzen saiatzen zen barraren beste aldetik.

Nortasuna zuen Casa Pacok, berezi egiten zuen izaera bat. Pandemiaren bueltan bajatu zuen pertsiana betirako. Zuek ere ezagutuko zenituzten taberna orijinalak, anekdotak eragiten dituztenak. Igual zuenak izango ziren Juliantxu, edo Txoria nuen maite. Garaiotan, mutil gazteen tupeen trazan uniformizatzen ari dira tabernak. Eskerrak baditugula oraindik hainbat txoko eder, jende jatorrarekin. Ze, gugan bezala, itxurak baino gehiago balio du barruan dagoenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!