Izan ere, lan miragarriak egin dituzte Azkorberen belaunaldikoek. Garai ilunetan eurek sortu edo aktibatu zituzten Gerediaga, Durangoko Azoka, AEK, ikastolak, UEU, jai batzordeak, EHE, Bertsozale elkartea. Eta izango dira gehiago ere, nik ez dakizkidanak. Gaur egun garena ulertzeko balio duten zutabeak dira denak.
Gutasun berrien inguruan abestu zuten domekan, bertsolaritzaren jai handian. Argi geratu zen aroak aldatu egin direla, dibertsifikatu, eta eskerrak. Orain guri dagokigu zutabeak birkolokatu eta berriak altxatzea. Guri, eta, batez ere, atzetik datozen gazteei. Hori bai, zapaltzen dugun lurra eta eztarritik askatzen dugun kantua aintzat hartuta, eta nondik gatozen ahaztu barik.