Itzulera

Imajinatzen nago Erramun Martikorena etorkizuna iragartzen duen sorgin baten aurrean, bizitzan hartu beharreko norabideari buruz galdezka. Sorginak erantzun dio 2022an bera izango dela udako kanta abestuko duena, itzelezko hit-a izango dela. Erramun izuturik geratu da. Nork sinistu? Baina, bai, Erramun izan da pandemia osteko uda zoro honetako soinu bandaren egilea, Rosalíarekin lehian. Eta orain imajinatzen ditut biak elkarrekin 2023ko udako kantaren bideoklipean, Erramun gerria astintzen de lao a lao... Zergatik ez?

Bueltatu dira jaiak, eta zelako une politak pasa ditugun maite ditugunen ondoan. Jendea alai ikusteak alaitasuna sortzen du; hori ere bizitzaren parte da eta hiru urte eta gero beharrezkoa genuen. Gure inguruan, sanmigeletan laguntasunaren eta maitasunaren festa apoteosikoa izan genuen Edan taldearen itzuleran, besarkadak eta musuak han eta hemen. Sanfaustoetan, bestalde, a zelako erokeria ederra den Txosnagunea, auzolanean eta borondatez zenbat jende dabilen lanean! Batzuk txanda egiten, besteak muntatzen, zenbait isilean arazoak konpontzen... Gainera, harrigarria da era askotako taldeak ardurak banatzen zein txandak konpartitzen ikustea, izan sozialistak, komunistak, kirol taldekoak edo aniztasun funtzionala dutenen elkartekoak. Herri biziaren ispilu dira.

Asteburuan amaituko dira uda luze honetako jaiak, baina itzuliko dira berriro. Zer iragarriko ote du sorginak? Ez al gara txoriei mintzo diren zoroak izango, betiko?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!