Baliteke komunean dagoen irakurle hori izatea, eta nire zutabeari usain txarra hartu diozu; ez naiz ni izan. Esango nuke eskaratzeko lur bustian ipini duzula orrialde hau, eta nire letrak hezetasunaren erruz desagertzen doazela astiro-astiro; pena da ba. Agian eguzkiari aurre egiteko paperezko sonbreiru bat egin duzu kontraportada honekin, hortik zehar airoso ibiltzeko; emaidazu eguzki-krema apur bat gutxienez. Kontxo! Nik uste orrialde berean Akuiluan datorren elkarrizketatua zarela; urte askotarako, orrilagun! Beharbada datorren asteko zutabegilea izango zara, pista bila; ekipo, prestatu arkatzak. Igual astekaria egun batzuk geroago zeldan jaso duen presoa zara; eutsi. Akaso paradisu urrun batetik on-line irakurtzen zabiltza, gauzek etxean ondo jarraitzen dutela ikusteko; zu bai ondo. Mmm... Anboto nire postontzitik lapurtzen duen bizilaguna izango al zara? Harrapatuko zaitut egunen batean, ikusiko duzu.
A... badakit! Etxeko egongelaren lasaitasunean irakurtzen dabilena zara, letra hauei irail zaporea hartu diezun hori, uda zein arin pasatu den konturatzen zaren bitartean.