Zuri, zeina itsasoaren eran zabiltzan orain gorantzan eta gero beherantzan, anabasaren mundua larri gaixotu eta zaudelako egun hobeen esperantzan, bizitza alde guztietatik karututa kateatu zaituztelako bizirautearen arantzan, mareatuta zaudelako notizia negatiboen eta sareetako espektatiba faltsuen saltsan, ziurtasunean baja eskatu eta alta eman duzulako zalantzan, ez zaudelako guztiz ondo ezta guztiz txarto baina ez dakizulako zure egonezina zertan datzan, zuri, bai, zuri, idatzi nahi dizut deklarazio hau doinu bero habanero baten bilintzi-balantzan, esateko gaur begiratuko dugula egun ederren zerumugaren norantzan, ikusteko gure bideak zer nolako aukerak eta sorpresak dakartzan, imajinatzeko laster laku lasai eta urrun baten ertzean ibiliko garela amets berrien arrantzan, iluntzetan eta goizaldetan elkartuko garela enbenenatzeko eta kantatzeko Chan Chan, Bandinirekin –Xabi ala Rigoberta, berdin zait, zeuri lagako dizut aukeratzen– burua galdu arte egingo dugula dantzan, sanjoanetako izar iheskorren azpian musu bat eman eta orduan… tatatxan, lokartuko garela inoiz baino itzartuago ohean edo bedartzan, jaikitzeko berandu, indarberrituta, ahoan irribarre bategaz martxan, eta orduan, gutxien espero dugunean, berriro ere hondoraino sartuta zikinduko garela basatzan, baina eskutik heldu eta elkarrekin garbituko garela Lagako hondartzan, gero, gure bidean jarraitzeko etenik ez duen narrazio baten trazan, ahalik eta gutxienetan beherantzan, ahalik eta gehienetan gorantzan.