Durangoko bonbardaketa kupidagabearen ostean, amamak eta etxekoek ihes egitea erabaki zuten, kolpisten beldurrez. Maletak hartuta, askoren antzera mendebalderantz jo eta Sopuertan hartu zuten babes. Gerora Iurretara bueltatu ahal izan zuten, baina ezusteko triste bat zuten zain: Filomena ahizpa hilda topatu zuten. Madrilen zerbitzari zebilena, zoritxarrez etxera etorria zen, familiaren ihesaldiaz enteratu barik. Antza denez, herriko frankista ezagun batek txibatazoa jo eta bertan hil zuten.
Amaren eta izekoren haritik tiratzen, Filomenaren istorioa josten joan gara. Argazki zuri-beltzak ikusi ditugu egongelan, Guernica guri begira dugula. Komentatu dutenez, bertsio ofizialak dio eskaileretatik jausi zela; gure amamak ez zuen sinistu. Beste hiru neba kartzelan egon zirela ere kontatu dute. Aitak albotik gehitu du Mallabiko aitite ere zigortu zutela, frentean ibili eta gero.
Amamak bilobei ez zigun gerrari buruzko ezer kontatu. Baina guk ere ez genion ezer galdetu, eta orain damu naiz. Lehengusuarekin eta arrebarekin berbaz, begiak umeldu zaizkigu amamak sufritu behar izan zuenaz pentsatzean. Zauri bat zabaldu zaigu erraietan.
85 urte beteko dira loratu bako udaberri hartatik. Orain, egunkarietan maletak hartuta ikusi dut jendea, ihesean, begirada galduarekin. Eta hotzikara bat sentitu dut berriro ere.