Zereginak beteta ostatura bueltatzean hantxe topatzen nuen, gero eta urduriago. Atseden lekua behar zuena drama bat zen. Ez zuen nora jo. Pilar izenez, Lavapiesekoa. Ostatuko epea agortzen zihoan.
Hurrengo iluntzean negar batean topatu nuen Pilar. Txarrena espero nuen. “Malkoak dira, baina pozarenak”, erantzun zidan. Gela bat alokatu zuen azkenean, Carabanchelen. A ze lasaitua. Albistea ospatzeko zerbeza bat hartu genuen beheko tabernan, eta kontatu zidan Las Letras auzoko kafetegi baten parean lo egiten zuela, zeinetan txokolatezko munduko tartarik onena saltzen zuten. Berak erosi ezin izan zuen tarta. Ez nion galdetu zelan eta zergatik heldu zen honaino, ezta berak niri ere. Errealitate desberdinak, telebistako reality bat merezi ez dutenak, bizi dugun mundua gordina bezain erreala delako.
Maletak hartu eta Carabanchelera joan zen Pilar, bizirautera. Nik, Gaztelako lur zabaletan zehar etxerantz, pentsatu nuen ze gutxi estimatzen dudan nora jo edukitzea. Aterpea, sutondoko beroa.