Kontatu zidan urte batzuk lehenago bere andrea hil egin zela, eta ume baten aita zela. Aurrera atera ezinda, erabaki latz bat hartu zuela: semea familiagaz utzi eta Europara abiatzea, bizia desertuan eta itsasoan arriskuan ipinita. Lehen saiakeran poliziek harrapatu eta Kamerunera deportatu zutela; bigarrenean hobeto atera zitzaiola, eta Euskal Herrian bide bat egin gura zuela.
Gure solasaldiek aurrera egin ahala, bere egoera okertzen joan zen. Ezin zuen alokairua ordaindu. Paperak lortzeko lan bat edukitzea eskatzen zioten, eta lan egiteko paperak. Zirkulu pozoitsua. Egoera asko larritu zen 2017an, Espainiako Gobernuko mezu bat jaso zuenean: kanporatzeko agindua. Deportatua izan zenez, hemen egonda legea urratzen ari zela zioten. Hondoratu egin zen. Malko artean berba egin genuen.
Amets Arzallusek Anboto-n dio migratzaileen inguruko kezkak konkrezioa hartzen duela, minberatzen zaituela, harremana duzunean. Nik belarrondokoa hartu nuen lagun kamerundarra ezagutzean.
Zorionez, borroka askoren ostean Silvestre hobeto dabil; lanean, eta semea ekartzeko esperantzan. Ametsen elkarrizketa irakurtzen nabilela, mugan migratzaile bat hil dela dio irratiak. Beste bat. Eta agintariak geldi. Bidasoa ibai gazia da, Mediterraneoaren antzera, malkoen antzera.