Gogoratu naiz Baltimorreko banden arteko borrokez, polizia agertzen zenean sortzen ziren istiluez. Eta, hedabideei erreparatuta, badirudi gu ere azkenaldian hantxe bizi garela. "Elorrion sei gazte atxilotu ditu bart gauez Ertzaintzak, desordena publikoa egotzita", zioen irratiko lehen titularrak zapatu goizean. Botelloia egiten ari omen ziren gazteak, eta polizia agertzean hasi ei ziren istiluak. Beraz, nork piztu zituen istiluak? Esan behar dut zaintzearen eta txertoaren alde nagoela. Baina, nire ustez ez du zentzurik egunez terrazetan lasai egin daitekeena gauez aire librean ezin egin izateak. Are gutxiago polizia bidaltzeak. Ni ere, segurutik hantxe nengoke, oraintxe hogei urte banitu.
"Bingen Zupiriak Elorrioko istiluak salatu ditu, eta uste du antolatutako zerbaiten aurrean egon gaitezkeela", zioen domekan irratiak. Hara, falta zena. Eta, pentsatu dut, ez ote den guztia aurrez idatzitako gidoi bat, telesail baten erakoa, pandemiaren gestioan, Zaldibarko zabortegian zein Osakidetzako oposaketetan duten arduraz berbarik egin ez dadin.