Mudantza

Asteon mudantza egin behar izan dut. Trasteak kaxetan sartu, etxe berrira mugitu, kaxak hustu, gauzak kolokatu... Atsedentxo bat hartu eta zutabea idazteari ekin diot. Hara eta hona dabilen titiriteroaren bizitzak badu aire aske bat, baina baita zama nekagarri bat ere. Batez ere, norabidez aldatzeko erabakia ez dagoenean norberarengan.

Esan behar dut zortedun sentitzen naizela azkenaldi honetan eduki dudan etxejabeagaz, eta sentsazio bera daukat berriagaz. Baina atzerago izan ditut esperientzia txarrak ere, eta etxe bila ibili naizenetan ez sinisteko moduko baldintzak eta prezioak topatu ditut. Alokairua nekez izango da alternatiba erreal bat, erostea baino karuagoa baldin bada. Hala ere, erregulazio justu bategaz amesten dugun bitartean, gugandik hasita ere egin genezake zerbait. Zuetako zenbatek dauka etxe edo baserri bat hutsik? Zuetako zenbatek ipini du pisua alokairuan, puztutako merkatu baten araberako prezioan? Zuetako zenbatek erosi duzue etxe berria guk ordaindutako alokairuagaz? Albokoak egiten duenari eta norbere etekinari larregi begiratzen zaio, "ez nadin tontoa izan" esanez bezala. Klaro, tontoak gu ei gara, alokairuan bizi garenok.

Banoa kaxak betetzen jarraitzera. Aro bat amaitu, beste bat hasteko. Azalberritze bat. Eta bide batez pandemia osterako mudantza ere egiten badugu, itzel.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!