Zubirik zubi beti, azkenean Ibaizabaleko ur ertzera bueltatu berri da poeta. Zelako poza han eta hemen. Ez gara Hola errebistatik enteratu, eta eskerrak! ANBOTOren bafleetatik agertu eta esan du ez zuela Ertzaintza ezagutzen; barikuan Ernairen manifestazioan egin zutenagaz badu muestra bat. Gu, ba, hementxe gabiltza, ondo antzean, errotondetan biraka.
Harri pausoetan, han ibiltzen zen antzina Sarrionandia, Ibaia abestian akordatzen zuenez. Han ibiltzen zen baita ere Jose Mari Uriarte, gure maisu, duela urtebete joan zitzaiguna. Eskolan maisu izan nuen, historia erakusten. Gerora, kazetaritzan itsasargi bihurtu zen niretzat, gai historikoei buruzko informante isila. Behin Arripausuetako argazki zahar bat eskatu nion, eta esplikatu zidan umetan, industriak ura uhertu aurretik, bertan bainatzen zirela egun udatiarretan, berak ere hantxe ikasi zuela igerian. Kontatu zidan, baita ere, 1937ko bonbardaketan jende askok harri pauso horietatik egin zuela ospa, Bereziganerantz. Memoria kolektiboarengatik eta beste arrazoi batzurengatik, Arripausueta babestu beharreko ingurunea zela defendatzen zuen.
Presa, harri pausoak eta zubia desagertzeko arriskuan zeuden, etxe eraikuntzaren mesedetan. Baina badirudi udala eta URA agentzia akordiora heldu direla. Ea ba horrela den. Ze, Sarrionandiak zioen lez, oroimena gara, oroimena ala ia ezer ez.