2012ko abenduaren 17an trena lurperatu zenez geroztik hutsik eta zarratuta dago lur hori, 500 etxetik gorako proiektu faraoniko batentzat destinatuta ei zegoena. Itzala sortzeko etxe-dorreak. Gogoan dut Eusko Jaurlaritzako arduradun bat 2018an Durangoko Udalera ustezko proiektu definitiboa aurkezten etorri zen eguna; ahoan bilorik barik esan zuen, trena lurperatzeko obraren gastua konpentsatu asmoz eraikiko zirela etxeak. Hau da, proiektuaren oinarrian ez zegoen etxebizitza berriak egiteko beharrizan sozial bat, eta Jaurlaritzak parra egiteko asmoa besterik ez zuen. Kostata baina proiektu hori pausatu egin zen, 3.000 biztanleren indarrez eta erabakiz herri-galdeketa bat garatzea onartu zenean.
Martxoaren 14an izango da kontsulta hori, Durangoko geroarentzat inportantzia handikoa dena. Ondo legoke botoa emateko ekintza hori herri-goldaketa bihurtzea, 60.000 metro karratuko lurra lorak eta arbolak hazteko emankorra izan dadin. Eskertuko dute umeek, gazteek eta nagusiek, eta subelandareek ere bai.