Orain dena behar dugu, kontsumismoaren dibertsifikazio aroan. Hego hemisferiotik datozen ahuakateak eta kinoa, esaterako, eguneroko dietan beharrizan dira. Modako kirol arropa eta tresnak erosita, goi mailako kirolari bihurtu gara. Joan zen asteburuan iruntsi genuen enegarren telesailaren azken denboraldi osoa, eta ea berria laster produzitzen duten, ze, a ze asperdura! Elkanok baino bira gehiago eman dizkiogu munduari, oporretan kanpora joatea nezesidade bat bilakatu zaigulako. Denbora kontsumitua. Mugikor eta teknologia berrienak, arropa… Amazon da gure jainko ahalguztiduna. Sinesmenaren misterioa? Kontua da zer interes ezkutatzen den marken, aplikazioen, etiketen atzean; ez gara kasualitatez heldu honaino.
Lerroak lotzen nabilela, akordatu naiz amama Miren eta amama Mariaz. Zer gutxi behar zuten gustura bizitzeko. Gogoan dut amama Maria baserriko sutondoan tertulian, eta amama Miren kafesne-zopak hartzen gure etxeko egongelan. Biak etxekoez inguraturik, etxea eta bilobak gobernatzen. Amama Maria ortua eta oiloak zaintzen, amama Miren etxepeko denda txikian lanean. Zer gutxi, baina asko aldi berean.