Trintxeran

Oporto ezagutzeko asmoz eginiko oporraldian, jatetxe xume batean geundela telebistara begiratu eta Bartzelona sutan ageri zen. Espainiako erregearen argazkiak erretzen zebiltzan katalanak. Gaztelaniaz eskatu genion jatekoa zerbitzariari, eta konplizitatez komentatu zigun: “Txarto zaudete Espainian, e! Domekan berriro ere hauteskundeak, ezta?”. Nire baitarako pentsatu nuen zerbitzariaren ardura hori albiste ona zela guretzat. Kaleetan piztutako erreboltak, izan manifestazioetan zein autodefentsako barrikadetan, desegonkorra den estatu bat erakusten du munduaren aurrean. Procesaren sententzia atera zen egunean Guardiolak BBCn egin zuen berba Tsunami Democraticen izenean, espainiar gobernuari jesarri eta berba egitea exijitzeko, eta ez Telecincon.

Euskal Herrira bueltatzean, La trinchera infinita pelikula ikusi dudan egun berean VOXeko faxistekin egin dut topo, 1937an erre zituzten Durangoko kaleetan. Eta, nago, ez ote gauden orduko trintxera berean oraindik ere. Abascalen begirada baino ilunagoa den etorkizun baterako beldurra zabaltzen doa; bere alderdiak debateetan eginiko marketinaz harago, beldur errealagoa sortu didate Sanchezen iragarpenek: Interneteko sareak epaileen agindu barik zarratzea, erreferendumak debekatzeko lege bat idaztea... Espainia bere kabuz demokratizatuko den esperantza dutenek hobe dute loterian jokatu.

Domekan soberanistoi dagokiguna erresistentziari eustea da, faxistei zaplazteko bat ematea, katalanekin batera erregimena hausteko prest gaudela erakustea, eta munduari egoera desegonkor bat ikustarazten jarraitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!