'Trabajo en castellano'

Aste honetan bertan 14 urte bete dituen Anboto astekarian lan egiteko zortea daukat. Euskaratik, euskararako. Baina, eguneroko lanean gaztelera erabili behar izaten dut askotan. Bai, euskaraz bizi nahi dut, baina 'trabajo en castellano'.

 

Batez ere Durangon gertatu izan zaizkit horrelako egoerak. Jende askok pentsatuko du Durango oso euskalduna dela, baina Durangoko Azokako egunak ez dira urteko 365ak. Herritar eta elkarte asko gazteleraz bizi dira, eta udaleko zinegotzi asko ere bai. Gaur bertan, gaztelera hutsez eman du prentsaurreko bat Durangoko Udalak. Kuriosoa dirudi, baina etorkinei euskara eta gaztelera ikasten laguntzeko kanpaina baten aurkezpena izan da. Gaur ere baztertua sentitu naiz, bigarren mailako kazetari, amaieran euskaraz galderak egiteko aukera edukiagatik ere. Edozelan ere, artikulu honetan islatu gura dudan kezka ez da nik gazteleratik euskararako itzulpen automatikoa egin behar izana; ez dut langile suminduaren irudia saldu nahi. Benetan kezkatzen nauena, prentsaurreko bat gaztelera hutsean egiteko erabakia hartu duenaren jarrera da. Uste dut euskara erabili behar dugula besteen hizkuntza eskubidea errespetatu eta babesteko, baina hori baino gehiago, norbere gogo eta jarrera bat izan behar dela uste dut.

Gaurkoa lako egoerak sarri bizi izan ditut, eta gehiago ala gutxiago, alderdi guztien partetik. Alderdi batzuen kasuan egunerokoa da, beste batzuen kasuan lantzean behinekoa, eta beste batzuenean egun bakarrekoa izan ahal da. Baina nire asmoa ez da alderdiei egur merkea ematea, eta ez dut, ezta ere, gaia euskaldun-español terminoetan kokatzen. Aste honetan bertan jakin dut PPko zinegotzia euskaltegian hasi dela, eta asko pozten naiz. Euskal Herria eta mundua ikusteko oso urruneko moduak dauzkagun arren, euskara ikasten badu asko gerturatuko garela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!