Nola konpondu eztabaidatzen hasi baino lehen, ezinbesteko galdera bat: etxebizitza eskubide bat da, bai ala ez?
Kontuan izateko elementu bi. Lehena: Durangon etxebizitza ez dago eskuragarri, are gutxiago prezio duinetan, eta, batez ere, alokatzeko aukera falta da, hori diote datuek, nabarmen. Eta bigarrena: administrazio publikoak ez du berehala egoera bideratzeko gaitasunik, orain arte merkatuaren esku (eraikuntza enpresak, etxe-agentziak, inbertsio funtsak...) utzi duelako etxebizitza politika. Egoerari buelta emateko, epe luzerako planifikazio serio bat behar da, aditu guztien arabera.
Etxebizitza eskubide bat dela uste badugu, gure esku dagoena egiteko betebeharra dugu eskubide hori efektibo egiteko, bestela, oinarrizko eskubide bat urratzen ari gara. Durangon, badaude aukerak udalean etxebizitza politikak egiteko, kontua da bakoitzak zer interes eta zer bororondate duen. EH Bildun baditugu proposamenak eta 10 neurri zehatz aurkeztu ditugu. Salbuespeneko osoko bilkura batera deitu dugu proposamen horien inguruan eztabaidatzeko, eta alderdi bakoitzak bere neurriak aurkezteko aukera izango dugu bertan. Eztabaida jarraitu eta parte hartzera gonbidatuta zaudete herritar guztiak.