Segurtasuna, delinkuentzia eta immigrazioa, hau da gaia eta hau da markoa. Honetaz hitz egin behar dugula erabaki du eskuin muturrak, eta batek baino gehiagok marko hori ontzat eman du, Durangoko EAJk, adibidez. Durangon egiten diren delituetan, delitugileen datuak ematerakoan, bertakoa den edo ez adieraziko dute, hau da, espainiar nazionalitatea duten edo ez. Lerro hauetan azalpenetan luzatzeko aukerarik ez dudan arren, horrelako erabakiek gure herrikide batzuen kriminalizazioa eta xenofobia dakarte aditu guztien arabera. Durangoko Udalak emango du datua, baina gobernuko bazkideetako bat, PSE, ez dago ados eta erabaki honetatik kanpo kokatu da. Dena dela, elkarrekin gobernatzen jarraituko dute, noski.
Durangon, zorionez, VOX alderdia ez zen hauteskundeetara aurkeztu, baina, zoritxarrez, bere bozkak PPri eman eta EAJ-PSE gobernua babesteko hartu zuten erabaki hura. Orain, berriz, aurkeztu ez ziren horiek ezarritako markoa hedatzen ari da eta eragina du udalak hartzen dituen erabakietan, gizarte kohesioa eta pertsonen arteko berdintasuna arriskuan jarriz. Aurrean izango gaituzue.