Egin dezagun batera

Erabiltzailearen aurpegia Markel Larruskain Narbaiza 2026ko urtarrilaren 23a

Zein gai daude pil-pilean? Zeri buruz hitz egiten dugu eta zeri buruz hitz egitea nahi dugu? Askotan komunikabide nagusietatik esaten direnak ez datoz bat egunerokoan ditugun buruhauste eta ezinegonekin. Heldu diezaiegun benetan arduratzen gaituzten gaiei eta egin dezagun politika hortik.

EH Bildutik eztabaida politikoaren erdigunean herria, herritarron kezkak eta herri honek dituen aukerak eta erronkak jarri nahi ditugu. Hau da gure jarduteko modua. Durangon ere horretan ari gara. Auzoz auzo bilera irekiak egiten gabiltza, eta baita eragile, elkarte eta pertsona askorekin biltzen ere. Herritarron iritziak zeintzuk diren entzun eta jasotzea da gure asmoa, bere ekarpena egin nahi duten pertsonei ezker independentismoaren ateak irekiz. Izan ere, momentu honetan ezinbestekoa da indarrak batzea, ezin gara gure arteko eztabaidetan katramilatu, banatzen gaituzten gauzetatik baino, batzen gaituen horretatik abiatu behar gara. Hau da bidea etorkizun desiragarriak eraikitzeko.

Ez dago formula magikorik, baina lanak fruituak ematen ditu. Beraz, jarraitu dezagun, autoritarismoaren aurrean aniztasunean eta eskubideetan oinarritutako fronte zabalak eraikitzen. Guztion artean soilik da posible, ekin lanari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!