Bidegurutzeak

Erabiltzailearen aurpegia Markel Larruskain Narbaiza 2025eko azaroaren 21a

Garai ilunak datozela esan zuen Pradales lehendakariak, eta gu bat gatoz diagnostiko horrekin. Baina garaiak ez dira fenomeno kasual bat, erabaki batzuen ondorioz etortzen dira garai ilunak. Eta hemen politika egiteko gaude, politika herri bat eraikitzeko, herri bat iluntasunetik urrun.

Durangoko PPko zinegotziak EH Bilduren ilegalizazioa eskatu du. Ez da eskari hori egin duen lehen politikaria izan, VOX alderdiak, Aznarrek edo Madrileko presidenteak ere egin dute lehenago. Eskuin muturra ofentsiba betean dator eta ekidistantziek ez dute balio. Aukeratzeko ordua da. Alde batetik bestera saltoka ibili denari ere arrakala handitzen ari zaio, jada ez da posible hanka bat faxistek eta bestea demokratek eutsita mantentzea. Mugimendu politiko guztiek berandu baino lehen aukeratu beharko dute zein den bere bidea, baita EAJk ere. Izan ere, gobernuan mantentzeko, badakigu eskuin muturraren babesa ez dela doakoa.

Bitartean, ozen esango dugu Euskal Herrian posible dela. Posible dela berdinen arteko herri bat eraikitzea. Bidegurutzean gaudela baina badagoela esperantzarako tartea. Angela Davisek erakutsi bezala, esperantza diziplina bat delako. Horregatik, bide hau gurekin batera egin nahi duen pertsona oro gonbidatzen dugu zapatu honetan Bilbon egingo dugun mobilizaziora. Faxismoak ez du tokirik hemen, askatasun haizea gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!