Hainbat elkarte eta eragilek ekarpen handia egiten diote herriari eta baldintza duinetan egitea merezi dute. Garrantzitsua da erabakitzea nori eta zertarako ematen zaion tokia herrian; izan ere, honek ezaugarritzen du neurri handi batean herriko bizitza soziala. Beharrizanak badaude: elkarteentzako biltegiak, bilerak egiteko lekuak, sorkuntza espazioak, aretoak... Eraikinak ere badaude: Plateruena, Garai jauregia eta ospital zaharra, adibidez. Beste batzuk eraitsi dituzte: tren estazio zaharra, Landarte eraikina. Korreoseko eraikina ere bide beretik joango dela dirudi. Jaien aparra pasatu eta eguneroko errutinara bueltatzean, aurrekontuen eztabaida dator. Bertan erabakiko da non, nola eta zertarako erabiliko dugun dirua. Espazioekin zer egingo dugun definitzeko ere momentu egokia da.