Baldosen alokairua

Erabiltzailearen aurpegia Markel Larruskain Narbaiza

Durangoko elkarteei espazio publikoa erabiltzearren, tasa bat ordaintzea eskatu zaiela, edo hemendik aurrera tasa bat ordaindu beharko dutela; hori da azken nobedadea.

Kalean ekintzak antolatzeko, kirol probak, jaiak, bazkariak zein ekitaldiak izan, tasa munizipal bat ordaintzera behartuta omen daude elkarte eta eragile sozialak, kalea alokatzera, alegia. Zutabe honetan askotan aipatu dut Durangoko eragileek etengabe esaten dutena: oztopo eta trabek herri honetako elkartegintza itotzen dute. Borondate hutsez, herriari ekarpena egiteko asmoz egiten duten lana egiten jarraitzeko zailtasun nabarmenak dituzte. Martxa honetan, negozioa egitea helburu duten enpresa espezializatuek edo profesionalizazio maila altua duten erakundeek bakarrik antolatu ahalko dituzte ekintza sozialak, gure herriaren altxorra den auzolana desagerraraziz. 180 graduko norabide aldaketa ezinbestekoa da. Administrazio publikoak erraztu egin behar du, baimendu, lagundu, egitea bultzatu, baliabideak eman zentzu guztietan. Enpresa handiek antolatutako festibal eta ikuskizunen monopoliora kondenatuta egongo gara bestela, hau da, interes ekonomiko hutsera. Herritarron borondatearen kontra doaz neurri hauek, antisozialak dira, eta kalte egiten digute. Ezin ditugu normalizatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!