Oinezkoentzako bideak, autobus eta tren zerbitzuak, bizikletentzako bidegorri eta aparkalekuak, eta kotxe partikularrentzako parkingak kontuan izango dituen plan integral bat egin behar da urgentziaz.
Azken hamarkadetan asko aldatu da Durangon ibiltzeko modua, baita Durangora etortzekoa ere. Positiboak diren aldaketak egon dira; oinezkoentzako guneak eraiki ditugu, kotxeak eta kamioiak ezin dira Durangoko erdigunetik pasatu eta oinezkoek lehentasuna dute kale askotan. Bizikletan mugitzeko ohitura ere badoa apurka-apurka bidea egiten, baina hau bultzatzeko neurriak nahi baino geldoago eta planifikaziorik gabe ari dira garatzen. Garraio publikoaren azpiegiturak ere ez dira eraiki erabiltzaileen beharrizanen arabera, tren estazioa da adibide garbiena.
Bizi kalitatea hobetzeko eta mugikortasun jasangarriago bat eraikitzeko, askotariko azpiegitura eta garraio moten arteko sinergiak sortu behar dira. Bide honetan, erabakiak modu isolatuan hartzeak ez du ezer onik ekarriko, Durangoko kale ederrenetako bat zatartzea bakarrik.